XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Urtearen asierako lenengo egunean, Urte Barri goxean, eguna zabalduaz beste barik, soñeko arropa barriak jantzirik, oñetako eta guzti, joaten ginean umezko guztiak iru-lau moltsotan, ze orduko sasoian famili andiak ginean danok, eta esate baterako amar urtetik berakoak, limosna bila etxerik etxe.

Sasoi orretan negua zan ezkero, beti etxe bitarte guztiak lupetzez beterik aurkituten zirean.

Orduan, anai-arreba nagosien artean andiak txikerrari lagundu edo sarritan eskutik eroan bear audezan.

Baia ala ta guztiz be, danak pozik. Nai ta edurtza andi bat egon, aurrera, palu andi bat eskuan arturik.

Aupada bat eginik atea jo ta esan:

Urte barri, txarri belarri
daukenak ez daukenari;
nik ez daukat eta niri.

Urte barri, bi montaiñe,
Urte barri, tirintin taiñe,
iru intxaur ta lau gaztaine.

Etxeko andreak, ateetara urtenik, nozik bein etxe baten esaten euskuen ea txixa egin barik gengozan; ezpabe, ez joiala limosnarik emoten.

Ori izaten zan txantxetan, umetxueri ulea artzearren.

Nagosienak jakitun izaten zirean txantxa orren gora-beran.

Andratxu orreik etorten zirean altzoan ekazela umetxuentzako sari edo limosnak: bai iko pasak, bai maats pasak, galleta, almendra, konfit, txokolate, intxaur, gaztaña, urretx, edo dirua be bai nozik beiñean.